Beatriz Artolazabal: “prestakuntza handiagoa izatea eta hizkuntzak ezagutzea gure gazteen enplegagarritasunerako aukerarik onenak dira”

  • Eneko Goia alkatearekin eta Markel Olano Diputatu Nagusiarekin batera, Enpleguaren Nazioarteko II. Kongresuaren eta Merkalan Enplegurako eta Heziketarako I. Azokaren irekiera-ekitaldian parte hartu du.
  • Gaur eta bihar, Donostia-San Sebastiángo Kursaal Biltzar jauregian.
  • Bavariako eta Trentoko enplegu-ereduen analisia.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “gazteentzat prestakuntza handiagoa izatea eta hizkuntzak ezagutzea enplegagarritasunerako aukerarik onenak dira”. Eneko Goia alkatearekin eta Markel Olano Diputatu Nagusiarekin batera, Artolazabalek Enpleguaren Nazioarteko II. Kongresuaren eta Merkalan Enplegurako eta Heziketarako I. Azokaren irekiera-ekitaldian parte hartu du. Jardunaldia gaur eta bihar izango da, Donostia-San Sebastiángo Kursaal Biltzar jauregian.

“Gure programa bat dator Europar Batasunak ezarritako orientabideekin, eta gure lan-oinarria honako hau da: zenbat eta prestakuntza gehiago, orduan eta enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa. “Kalitateko enpleguarekin konprometituta” da nazioarteko bigarren kongresu honen eta Merkalan azokaren inguruan batzen gaituena; azken hori Lanbideren, enpresen eta beren lana hobetu nahi duten pertsonen artean kontratazioak, aholkularitza eta hurbiltasuna dinamizatzeko gure ekimen berria da”, esan du Artolazabalek.

Artolazabal sailburuak esan duenaren arabera: “Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak ahaleginak batu ditugu, ekimen hau batera aurkezteko; horretarako, Europako beste leku batzuetan garatutako jardunbide egokiak ezagutuko ditugu. Batzuek adierazitako gehiegizko trebakuntza eta besteek antzemandako eskulan gaiturik eza direla eta, gure analisiek erakusten dute gazteentzat prestakuntza handiagoa izatea eta hizkuntzak ezagutzea enplegagarritasunerako aukerarik onenak direla”.

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, “Euskadi erreferentzia da Europan eta mundu osoan prestakuntza dualean, ikaskuntza eta lan-esperientzia bateratzen dituen Lanbide Heziketan”. Bere ustez, “Euskadiko esperientziak erakusten du ongi planifikatuta, lan-merkatuaren benetako premietara bideratuta eta Administrazioaren, enpresen eta erakunde akademikoen arteko elkarrizketan eta lankidetzan oinarrituta dagoen ekintza instituzionala dela belaunaldi berriak lan-merkatuan sartzeari buruzko indizeak igotzeko errezeta”. 

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak aipatu du “maila guztietan eta erabakigarritasun osoz kalitatezko enplegua sustatzen jarraitu” behar dela, “nazioartean ekonomiaren egoera zalantzazkoa den honetan”. 

Alde horretatik, Olanok Administrazioaren eta enpresen arteko lankidetzaren emaitza den Merkalan azokak eta antzeko ekimenek egiten duten ekarpena baloratu du. “Gipuzkoan pertsona guztiek euren bizi-proiektua eraiki ahal izatea nahi dugu, Gipuzkoa etorkizuneko lurraldea izatea nahi dugu. Horretarako, funtsezkoa da denon artean kalitatezko enplegu-aukerak sortzen laguntzea, batez ere gazteentzat”, adierazi du diputatu nagusiak, eta gogoratu du Foru Aldundia “kalitatezko enplegua eta etorkizuneko industria-sektoreak” sustatzera bideratutako beste plan bat lantzen ari dela.

Talentua

“Ezegonkortasun-egoeraren aurrean, kalitateko enpleguak alde guztientzat dira onuragarriak azkenean, eta, haien bidez, gure historiako prestakuntza-maila handiena duten gure gazteen belaunaldien talentuari eustea lortzen da. Kongresuko bi jardunaldi horien bidez, beste errealitate batzuekin erkatu ahalko gara”.

Topaketan parte hartuko duten aditu guztiei ongi etorria eman ondoren, Artolazabalek honako hau nabarmendu du: “Merkalanen lehen azoka harreman-zubi bat da, eta 700 lanpostu baino gehiago eskaintzen ditu; horrela, Lanbide –  Euskal Enplegu Zerbitzuaren bilakaeraren sintoma bilakatzen da, zeina modernizatzen ari baita, enplegagarritasunaren eragile sustatzaile gisa, eta antzinako langabezia-bulegoen sinonimo izateari utzi baitio”.

“Lanbide gero eta eskuragarriagoa da, eta herritarrengandik hurbilago dago, arreta integrala eta pertsonalizatua emateko. Krisialdiaren eta haren langabeziaren ondoren, legegintzaldi honen helburu garrantzitsuena, Eusko Jaurlaritzarentzat eta euskal gizarte osoarentzat, langabezia-tasa % 10etik behera jaistea izan da, eta hori, dagoeneko, lortu egin da. Hori bai, nazioarteko zalantzazko egoera dela eta, erne gaude”, esan du Beatriz Artolazabalek. Sailburuak berretsi egin du “pertsona guztientzako eta, bereziki, gure gazteentzako kalitateko enpleguarekin” duen konpromisoa.

Enpleguaren II. Nazioarteko Kongresua eta 2019ko “Merkalan” Enplegurako eta Heziketarako I. Azoka Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu ditu. “’Merkalan’ azokak enplegu-eskatzaileei 70 enpresa parte-hartzailek eskaintzen dituzten sektore eta trebakuntza guztietako 700 lanpostu baino gehiago erakutsiko dizkie”.  

Jardunaldietan, honako hauek izango dira: Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusia eta Amaia Arteaga, Marta Etxebarria, Ion Uriarte eta Nestor Arana arloko zuzendariak.